2016(e)ko apirilaren 6(a), asteazkena

ZAHARRAK BERRI

Gaurko albisteen artean hau topatu dugu eta sartuta gauden proiektuarekin lotura handia duela uste dugunez, ekartzen dizuegu.

Berria egunkarian topatu dugu eta Lander Muñagorri Garmendia idazlearen arabera, boladan jarri da iraganeko arropak jantzi eta iraganeko altzariak berriz erabiltzea. Zaharrak eta bigarren eskukoak dira, baina 'vintage' esaten zaie. Gazteen artean batik bat, indar handia hartu du moda horrek. Horrela da zuen artean? Aintzinako arropak edo gauzak erabiltzen dituzue?

Irakur dezagun berriaren laburpena:

Egungo estetika da, baina izan zitekeen duela mende erdikoa ere. Iraganeko arropa da, baita altzariak eta eguneroko tresnak ere. Baina horiekin ez da erabiltzen zaharra edo bigarren eskuko hitzik, vintage baizik. «Guri ez zaigu gustatzen esatea bigarren eskuko denda bat dela, ematen baitu hemen dagoenak ez daukala baliorik». Gasteizko Oslo dendan dago Bego Ezkurra Zabala, berreskuratutako altzarien artean: 1970eko hamarkadako mahaiak, besaulkiak, 1960ko lanparak eta egungoak daude han. Gero eta taberna, denda eta lokal gehiagotan iraganeko estetika egungoarekin uztartzen dute. Ohiko bihurtzen ari dira.

Hedatua dago estetika, eta baita hari jarri zaion vintage hitza ere. «Edozer gauzari deitzen zaio vintage. Baina zer da zehazki vintage?» Iruñeko Potsdam altzari dendako Juan Fraucak esan duenez, gaur egun zahar kutsua duen edozer gauza sartzen da etiketa horren barruan: 1920ko hamarkadako mahai batetik hasi eta 1980ko aulki bateraino. Ezkurra Zabalak berak, berriz, mende bat baino gutxiago duten kutsu zaharreko altzariak sartzen ditu termino horren barruan. «Hori guztia sar daiteke estetika horren barruan, baina, betiere, gustuz jartzen baldin bada», zehaztu du. Altzari zahar bat berri baten ondoan txukun jartzeari deitzen dio gustua Fraucak, eta hori da hedatzen ari den estetika berria. Zergatik? «Moda kontua bada, noski, baina, horrez gain, badago egungo gazteen egoerarekin lotura duen beste faktore bat», hasi da. Hain zuzen, iraganean etxebizitzak «betiko dekoratzen» zirela dio. «Gure gurasoek etxea erosi zutenean, armairuak neurrira egiten zituzten, bizi osorako, baina egun gazteek ez dakite bihar non izango duten lana». Ikearen efektua iritsi zen ondoren: altzariak merkeak eta denentzako modukoak bihurtu ziren, eta demokratizatu egin ziren. «Etxez aldatuz gero altzariak norberarekin eramatea errazagoa da, baina etxeek izaera propio hori galdu zuten, denak zirelako altzari berdinak». Orain, estilo ezberdinen arteko nahasketa horrekin beste efektu bat lortzen dela uste du.

Altzarien artean joera berria izan daiteke hori, baina janzkeran ohikoa da iraganeko modak behin eta berriz itzultzea. Eta, alde horretatik, vintage deritzon modak gorakada izan du azkenaldian. Euskal Herriko hainbat hiritan arropa mota horretan espezializaturiko dendak zabaldu dituzte, eta badituzte euren bezeroak ere. Bilboko Zorrotzaurre auzoan daukate denda Getari Etxegaraik eta Berta Martinezek. Vacas Flacas du izena, eta, arropa denda bat baino gehiago, arropa erakustokitzat daukate. «Lokal batean daukagu gordeta arropa guztia, eta igandeetan soilik zabaltzen dugu, Zorrotzaurren merkatua egiten den egunean». Halere, erakustokia beste noizbait bisitatu nahi izanez gero, telefonoz deituta ordu bat adostu daiteke haiekin.

«Hamar hornitzaile ditugu, eta astean behin edo birritan etortzen zaizkigu bota nahi dituzten arropekin. Prezioa jartzen diegu bi aldeen artean, eta salmentaren %50 da bakoitzarentzat». «Oso kalitate oneko arropa da, eta garestia, baina, denboraldiz pasatuta dagoenez, askoz merkeago saltzen dugu guk».

Era batekoak zein bestekoak izan, estetika jakin bat agertu da jantzi eta altzarien artean. Iritsi da, eta «denbora baterako bertan geratzeko» iritsi dela azaldu du Fraucak. «Ez duzu ikusten zaharra beti hor egongo dela? Hori egungo moldeetara eraman eta aprobetxatzea besterik ez da!».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina