2016(e)ko apirilaren 14(a), osteguna

BRAILLE EUSKARAZ

Albiste bitxia topatu dugu braille irakurketa sistema euskararekin lotuta: "Ikusmen urritasuna dutenek euskarazko 600 baino liburu dituzte eskuragai, ONCE elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanari esker. Aurten, beste 55 lan egokituko dira." Horrela dio EITBko atzoko albiste batek.




Itsuek edota ikusmen urritasuna duten pertsonek euskarazko literaturaz gozatzeko duten aukera geroz eta zabalagoa da; euskarazko 600 liburu baino gehiago dituzte, dagoeneko, eskuragai ONCE Euskadiko liburutegian, braille sistemara edo soinu formatura (Daisy sistemara) egokituta, eta kopuru hori urtetik urtera hazten ari da. Aurten, beste 55 lan egokituko dira.

Egokitzapen lan hauek ONCEko teknikariek egin dituzte, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntzarekin, 2006an abiatutako lankidetzari esker. Azken 10 urteotan, Eusko Jaurlaritzak 480.800 euro bideratu ditu proiektu honetara.

Juan Carlos Andueza ONCEko EAEko lurralde ordezkariak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Ana Davila ONCE Euskadiko zerbitzu buruak azaldu dituzte gaur datuok, hedabideen aurrean.

Bultzatzaileek nabarmendu dutenez, gizarte bateratzaile baten aldeko apustu garbia da egitasmo hau, !pertsona ezgaituak gizarteratzeko ezinbestekoak baitira kultura, aisialdia, hezkuntza eta lana eskuragarri edukitzea". Era berean, "euskaraz dakiten eta ikusmen ezgaitasuna duten pertsonen hizkuntza eskubideak bermatzen" direla gaineratu dute.

Aurrera begira, elkarlanari eusteko konpromisoa agertu dute bi aldeek. Itsuek edo ikusmen urritasuna dutenek euskaraz geroz eta liburu gehiago irakurtzeko aukera izatea da helburua, eta bide horretan jarraituko dute. Egokitutako liburuen kopurua urtero aldatzen da, jasotako diru-laguntzaren eta beste hainbat aldagairen arabera.

Aurten, lan hau aurrera eramateko, 44.000 euroko diru-poltsa bat eratu da; % 35 ONCEk jarri du, eta gainontzekoa, % 65, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina